2012/07/25

Uztaldi Gaztetxearen inaugurazioa eta Ipuin erotikoen lehiaketa

Jaiak bukatu eta berriz ekin diogu blogean argitaratzeari. Gaurkoan Santutxuko gaztetxearen inaugurazio jaialdia eta jaien lehen igandean ospatu zen ipuin erotikoen lehiaketako irakurketa komentatuko ditugu.

Jaien hasieraren aurreko egunean ospatu zen Uztaldi gaztetxearen inaugurazioa, uztailaren 13an alegia. Santutxuko gazte asko eta asko hurbildu ziren bertara, baita beste auzo batzuetakoak ere. Giro paregabean luntxa dastatu bitartean okupazio eguneko eta lan egun ugarietako argazkiak ikusteko aukera izan genuen gaztetxera gerturatutakoek. Jaialdia gauerdirarte luzatu zen udaltzaingoa ondoko portalean sartzen ikusi genuen arte, ziurrenik auzokideek deituta. Ostiral gaua izan arren, auzokideren batek aurretik ere erakutsitako abiatutako proiektu auzotar honen kontrako jarrera berriz ere nabarian geratu zen. Hala ere oso balorazio positiboa atera genezake. Hona hemen jaialdiko argazki batzuk:












Ostiral hori zen hain zuzen ere ipuin erotikoen lehiaketan parte hartu nahi zutenek ipuina aurkezteko azken eguna. Bi egun geroaro, jaietako lehen domekan, egin zen ipuinen irakurketa, eta zita honetara ere jende nahikotxo hurbildu zen. Hiru ipuin aurkeztu ziren eta hiruren irakurketaren ostean entzule guztiek hartu zuten parte irabazlearen erabakitze lanean. Banan banan hiru ipuinen izenburuak irakurri ziren eta txalorik gehien lortu zuenak irabazi zuen, "Zer usain du fikzioak?" izenburuduna.

ZER USAIN DU FIKZIOAK?

Gaur ere zurrungaka dut ohekidea aldamenean, urrun, nire negar intziriei muzin eginez. Malkoz blaitu ditut maindireak, isilean, plazer zukuaren garraztasunak aspaldi ohea zipriztintzea zer den ahaztuta.

Mugikorreko argiak eten du negar malkoen emaria eta irribarre txiki bat marraztu da nire ezpainetan, urrutitik ezezagun baten gabon musuaren kilima epela sentitzean.

Bat-batean zurrungak eten dira. Isilune luzeak hondoratu du logela, bakarrik gelditu naizen arte. Bakarrik gaude, urrutiko ahotsa eta ni. Ikusezina den fikzioa, ezin uki dezakedana eta ni. Zer usain du fikzioak?

Halaber, izerdi guruinek sentitzen dute bere presentzia. Behatz puntek badakite nirekin norbait dagoela dardarka hasten direnean, gorputzeko hile txikiena ere erraz tentetzen denean eta klitorisak ahots xume bezain lotsatiz ukitzeko erregutzen didanean. Norbait dago nire aldamenean ate joka, eta fantasia deitzen dela esan dit.

Biluzik sartu da nire logelara, gerri ingurutik dena gardentzen duen oihal soil batez. Pixkanaka makurtu eta belarrira xuxurlatu dit leunkiro, gaur gauean bere mandatu pean nagoela. Agintezko berben oihartzunaz, aise umeldu zait bagina. Begiak itxi ditut fantasiaren oasira heltzeko, baina galduta nago jada.

Agudo, esku latzek nire bular mamitsuak atzaparkatu dituzte ezbairik gabe. Eta titi buru gogortuen erupzio kontrolaezina zurrupatuz, asetu du tarte baterako desioa. Behatz ligorrek nire gorputzeko bihurguneak arakatzen jardun dute geldiro, baina pausaldi barik, jada aspaldi, lehen hasperenaz, umelduta zegoen maginara heltzeko. Ezpain handiek ez dute ukitu berezirik behar izan, atez ate baginarainoko sarrera irekirik agertzeko. Magina urtsuaren etengabeko garrasia kontrolaezin bilakatu da, zakilaren loditasunaz barrenak betetzea da bere desioa. Baina erreguei jaramonik egin gabe, behatz puntaren kilimaz konformatu behar izan naiz. Nire nahia eta egonezina areagotuz joan dira erreguka hasi naizen arte. Intzirika, izerditan sufritzen, nire senetik at nago jada. Eta orduan ahots leunez, berak agintzen duela esan dit, bera dela nagusia eta ez dudala gozatuko berak gura ez badu.

Izotz puskez jelatu dit sexu gosea, bere sakila nire hanka artean igurtziz, eta berotasun oro izotz pusketan geratu da gatibu, izotza zeharo urtuz. Orduan bere zakila mihizkatzera behartu nau, kokotetik bortizki helduz. Muxu xume lotsatiak eta mihizkada laburrak eman dizkiot hasieran, zakila goseti zurrupatu dudanera arte. Eta maltzurki disfrutatu dut, bere arnas etenak gero eta laburragoak, gero eta estuagoak bilakatu direla ziurtatzean. Momentu horretan boterea nirea dela xuxurlatu diot belarrira eta orgasmora heltzeko debekua ezarri diot krudelki.

Berba horiek entzute soilaz, eskumuturretatik heldu nau bortizki, ohean etzanez eta bere zakila nire maginara zuzenduz gezi zorrotzenaren eran. Ipurdi masailetatik estuki heldu eta paretaren kontra jalgi nau behin eta berriz, bere zakila bortizki nire magina humelean sartu eta atereaz, eta izerdiko lurrinak ikusmira lausotuta iritsi naiz plazerraren klimaxera, garrasi orroen artean, konortea galduta.

Ohekidearen zurrungez esnatu naiz gaur ere, baina irrifartsu, bart gauean fikzioa dastatu dudalako. Zer usain du fikzioak?


Ipuinaren egilea, zoritxarrez, ez zen irakurketara aurkeztu, eta beraz, ez zuen saria jasotzerik izan. Idazleak sarrera hau irakurriz gero eta saria jaso nahi izanez gero, Uztaldi gaztetxetik pasatzea baino ez du merezia duen saria jasotzeko. Arratsalde horretako argazki batzuk ere argitaratuko ditugu:








Santutxuko Gazte Asanblada

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina