2013/05/30

JAIO GINEN BIZI GARA, Santutxuko Gazte Asanbladak 20 urte!


Ospakizun garrantzitsua dugu Santutxun laster. Gazte Asanbladak 20 urte betetzen ditu aurten eta aste osoko egitaraua antolatu da horren harira, ekainaren 10etik 15era. Ospakizun berezia izanda, egitaraua ere mailakoa behar zuen eta ez dugu horretan kale egingo.

Astelehenean Txispas eta Cerrajeria tailerra izango dugu arratsaldeko sei t’erdietan auzoko AEKn. Asteartean “Militantzia ikuspuntu feministatik aztergai” tailerra izango dugu Ritxi plazan eta zazpi t’erdietatik aurrera eta asteazkenean fieltro tailerra zazpietan Basarraten. Ostegunean, ekainak 13, Okupazioaren inguruko hitzaldia egongo da Lakomi plazan zazpietan eta ostean, bederatzietan, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen tribiala izango da Arsuaga plazan hasita. Ostiralean, “Jaio Ginen Bizi Gara” lelopean Gazte Asanbladaren hogei urteko historia kontatuko da Ritxi plazan arratsaldeko seietan, eta bederatzietan Imanol magoak ikuskizuna eskainiko du Arsuagan.

Larunbatekoa, ekainak 15, egun potentea izango da. Goizeko hamaiketan hasita Rokodromoa eta Futbolin erraldoia egongo da Arsuagan, eguerdiko ordu bi t’erdietan Ritxi plazan bazkaria hasi arte. 10€ ordainduta bazkaria eta urteurreneko kamiseta jasoko dute hurreratutakoek. Bazkalostean, lauretan, bakarrizketa eskainiko digu Amaiurrek plazan bertan; eta plazan ere, bostetan, Akelarre Sound System, murala eta presoei bidaltzeko argazkia aterako dugu. Amaitzeko arratsaldeko seietan hasita kontzertuak eta ekitaldia izango ditugu Karmelo plazan. Bastardos del rey, Sardeska eta Solte taldeek joko dute.

Aste osoan zehar SGA kide izandako guztien parte hartze zuzena espero dugu, beste auzokide eta bilbotarrenarenaz gain.



SANTUTXUKO GAZTE ASANBLADA

2013/05/27

Uztaldi gaztetxearen aurkako epaiketa

Santutxuko Gazte Asanbladaren oharra:

Gau bertan, hilak 27, goizeko 11ak inguruan, Bilboko epaitegietan Santutxuko hiru gazte epaitu dituzte Uztaldi Gaztetxearen okupazioa egotzita. Hiru gazte hauek 3600€ko eskaerari egin behar izan diote aurre, 1200€-ri bakoitzak. Hauetariko bi, kalean identifikatuak izan zirenak, absolbituak suertatu dira; gaztetxetik irteten identifikatutakoari, ordea, akusazioa mantentzen diote era ulertezinean, hori erabiltzen baitute froga bakar gisa okupazioa asteak lehenago aurrera eraman bazen ere. Epaiaren zain gelditzen da dena beraz.


2012ko apirilaren 21ean Santutxuko Gazte Asanbladak hamar urte baino gehiagoz erabat abandonatua egondako lokala okupatu eta auzorako berreskuratu zuen. Hilabete batzuez auzorako gazte askorentzat bilgune bihurtu zen lokal hura, proiektu sendo eta anitz baten ikurra bihurtuz.

Lokala "La Caixa" banketxearen jabetzakoa da, zeinek hamarkada luze batez inongo erabilerarik eman gabe eta guztiz utzita mantendu zuen. Okupazioa gertatu eta berehala, ordea, salaketa aurkeztu zuen, urte bereko irailean desalojoa eragin zuenak. Bederatzi hilabete pasatu diren honetan, guztiz hutsik jarraitzen du, desalojo egunean eraiki zuten hormaz itxirik.

Halaber, lotsagarritzat jotzen dugu gazte batzuk “La Caixa”-ren lokal huts bati bizia emateagatik epaituak izatea, banketxea bera izan beharko lukeenean epaitua burutzen dituen desjabetze eta kaleratzeengatik.


Santutxuko Gazte Asanbladak bere elkartasuna helarazi nahi die epaituak izan diren gazteei,  era guztiz arbitrarioan identifikatuak izan zirenak. Era  berean, okupazio mugimenduaren kideen kontra ematen den kriminalizazio eta inputazioak salatu nahi ditugu, jabetza eskubidea beste eskubide guztien gainetik jartzearen ondorio. Legedi honek espekulatzaileen interesak babesten ditu jendartearen beharrizan errealak kontuan izan gabe.



Bukatzeko, Santutxuko Gazte Asanbladak beste hiri eta jendarte eredu baten alde lanean jarraitzen duela adierazi nahi du, alternatibak eratze bidean lokal hutsen okupazioa ere tresna gisa erabiliz. Ez baitaukate gure ametsak tapiatzerik!!

2013/05/17

BALOREEN EZTABAIDA


Hurrengo Ekainaren 1ean, larunbata, SGAk aukeratutako eguna da sistema kapitalistak gure jendartean imposatutako baloreen inguruan egin diren eztabaidei txapela jartzeko. Azken eztabaida honetan, imposatutako baloreak nola eraikitzen eta inpostazen diren zehaztuta, eta hauek jada identifikatuta  norbanako zein kolektibo mailan zelan eman diezaiokegun erantzuna zehaztera goaz, nola koherentziaz joka definitzera.

Beraz, Santutxuko AEK-n itxaroten zaituztegu arratsaldeko 8etan gurekin azken eztabaida hau eman dezagun!

Santutxuko Gazte Asanblada


2013/05/06

Zer nahi duzu jaietan?


Aurreko urteko jaietan parte hartzea era nabarian hazi bazen ere Santutxuko Kuadrilen Batzordea ez zen guztiz asetu. Horregaitik, eta parte hartze hau handitzeko asmoz, aurten auzotarrek jaietan zer nahi duten galdetuz datorkigu. Era honetan, auzotarrek nahi dituzten ekintzak antolatuz, jai herrikoi eta partehartzaileak sustatuko dituzte auzoaren mesederako.

Ideia guztiak jasotzeko datorren barikurako, maiatzaren 10erako, hitzordu bat deitu dute iluntzeko bederatzietan Karmelo plazan. Agertu ezin izatekotan mail bidez (santutxu.kuadrilak@gmail.com) edo tuenti eta facebook bidez (Santutxuko Kuadrilak) ere helarazi ditzakezue zuen proposamenak.

Kuadrilarekin etortzera animatzen zaituztegu guztion artean jaiak asko hobetu ditzakegulako!

2013/04/26

Bertso-askaria eta Koktel Gaua


Datorren barikurako, maiatzak 3, beste jai bat antolatu du Santutxuko Kuadrilen Batzordeak. Zortzietan bertso-askari-afaria izango dugu Arsuaga plazan Jone Uria eta Imanol Uria bertsolarien eskutik. Janaren gastuak estaltzeko pertsonako 5€ eskatuko zaizkie bertaratutakoei. 
Ostean, hamar t'erdietan hasita eta auzoan lehen aldiz, Koktel Gaua izango dugu. Taberna ugarik hartuko dute parte lehen edizio honetan koktel ezberdinak prestatuz. Ibilbidean zehar geraldi ezberdinak egingo dira eta koktelak dastatuz joango gara. Koktelera bakoitzetik berau probatzeko txupito nahikotxo urtengo litzateke eta, osagaien arabera, 4 - 6 €-ko prezio izango dute. Koktel bakoitzari nota bat jarriko dio kuadrila bakoitzak eta ordu bat t'erdietan Arsuaga plazan errekontua egingo dugu taberna irabazlea jakitera emanez. 
Parte hartzera eta gurekin ondo pasatzera animatzen zaituztegu!

2013/04/12

Drogen inguruko eztabaida!!!



Iristear da drogei buruz gazte asanbladak antolatutako eztabaida!!

Gozatzeko tresna? kontrol sozialerako tresna? Askatasunerako tresna? Askatasuna eragozteko tresna? Nola definituko zenituzke zuk drogak? Gazteon eguneroko errealitate den fenomeno honen inguruan hausnartuko dugu guztion artean, prestatutako baliabideak baliatuz.

Gai interesgarria benetan… hori dela eta, Gazte Asanbladak etortzeko gonbidapena luzatzen dizue Santutxuko gazte guztioi!

Larunbatean, arratsaldeko 17.00tan Santutxuko AEKn, Padre Pernet kalean


2013/04/09

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

Joan den asteartean beste eraso sexista bat gertatu zen Santutxun. Kaletik zihoala, gizon batek, emakume gazte bat hormaren kontra jarri eta ukituak egin zizkion. Arratsalde berean, Ametzolan, gizon baten emaztea jipoitu egin zuen. 


Bi emakumeek ihes egitea lortu bazuten ere, Santutxutik behin eta berriz errepikatzen den egoera hau salatu nahi genuke indartsu, eta bide batez emekumeei,  gure animo eta besarkada estu eta feminista bat helarazi nahiko genieke.



Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik, eguneroko errealitate dira emakumeok kolpatzen, iraintzen, gutxiesten, mehatxatzen gaituzten egoerak eta erasotzaileak. Aski nekatuak gaude emakumeon kontrako indarkeriaren datuak kaleratzeaz, egoeraren larritasunaz ohartarazteaz eta instituzioen hutsuneak ikustarazteaz.

Nazkatuta gaude, kalean askatasunez ibiltzeko aukera mugatzen zaigulako egunero, kale ilun, gune publiko ez egoki eta txikitatik jaso dugun motxila ikaratiak gure gorputzak kuzkurtzen dituelako askotan. Baina, KALEA ERE GEUREA DA! Etxean, kalean, harremanetan ematen diren indarkeria kasuak arazo sozial larriak direnez, errealitate hori jendarteratzea ezinbestekoa zaigu eta jendarteak orohar ardura politikoz jokatzea beharrezkoa da.


Kalea ere geurea da, eta bertara atera eta gertatzen dena publikoki salatu behar dugu. Eguneroko erasoen aurrean irtenbideak sortuz, indarkeriari aurre eginez. Hala, indarkeria sexista egoera bakoitzean, aurrean izango gaituzte, elkartasun feminista eta erantzun bateratzaileak emanez!



Oraindik orain,  emakume gazteongan dauden indarkeri egoera larriak eta gazteen artean ematen diren harreman ez osasuntsuen errealitateak, jendartearen egitura patriarkalak bizi bizirik daudela adierazten digu, eta hau aldatzea ezinbestekoa dugu.  Beraz, goazen norbanakotik kolektibora, erasoetatik ofentsibara pasatzera! Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu, emakumeok gure buruarengan dugun konfiantza lantzea, erasoei aurre egiteko dugun gaitasun indibidual eta kolektiboetan sinestea, eta aurrera egitea; Ekin autodefentsari!



ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!!!