Santutxuko Gazte Asanbladaren
oharra:
Gau bertan, hilak 27, goizeko
11ak inguruan, Bilboko epaitegietan Santutxuko hiru gazte epaitu dituzte
Uztaldi Gaztetxearen okupazioa egotzita. Hiru gazte hauek 3600€ko eskaerari
egin behar izan diote aurre, 1200€-ri bakoitzak. Hauetariko bi, kalean
identifikatuak izan zirenak, absolbituak suertatu dira; gaztetxetik irteten identifikatutakoari,
ordea, akusazioa mantentzen diote era ulertezinean, hori erabiltzen baitute
froga bakar gisa okupazioa asteak lehenago aurrera eraman bazen ere. Epaiaren
zain gelditzen da dena beraz.
2012ko apirilaren 21ean
Santutxuko Gazte Asanbladak hamar urte baino gehiagoz erabat abandonatua
egondako lokala okupatu eta auzorako berreskuratu zuen. Hilabete batzuez
auzorako gazte askorentzat bilgune bihurtu zen lokal hura, proiektu sendo eta
anitz baten ikurra bihurtuz.
Lokala "La Caixa"
banketxearen jabetzakoa da, zeinek hamarkada luze batez inongo erabilerarik
eman gabe eta guztiz utzita mantendu zuen. Okupazioa gertatu eta berehala,
ordea, salaketa aurkeztu zuen, urte bereko irailean desalojoa eragin zuenak.
Bederatzi hilabete pasatu diren honetan, guztiz hutsik jarraitzen du, desalojo
egunean eraiki zuten hormaz itxirik.
Halaber, lotsagarritzat
jotzen dugu gazte batzuk “La Caixa”-ren lokal huts bati bizia emateagatik
epaituak izatea, banketxea bera izan beharko lukeenean epaitua burutzen dituen desjabetze
eta kaleratzeengatik.
Santutxuko Gazte Asanbladak
bere elkartasuna helarazi nahi die epaituak izan diren gazteei, era guztiz arbitrarioan identifikatuak izan
zirenak. Era berean, okupazio
mugimenduaren kideen kontra ematen den kriminalizazio eta inputazioak salatu
nahi ditugu, jabetza eskubidea beste eskubide guztien gainetik jartzearen
ondorio. Legedi honek espekulatzaileen interesak babesten ditu jendartearen
beharrizan errealak kontuan izan gabe.
Bukatzeko, Santutxuko Gazte
Asanbladak beste hiri eta jendarte eredu baten alde lanean jarraitzen duela
adierazi nahi du, alternatibak eratze bidean lokal hutsen okupazioa ere tresna
gisa erabiliz. Ez baitaukate gure ametsak tapiatzerik!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina