2012/06/18

Ipuin erotikoen lehiaketa


Auzoko jaietako Santutxuko Gazte Asanbladaren egitarauaren barnean ipuin erotikoen lehiaketa prestatu dugu aurten. Sexu askapenaren aldeko ekimena dela deritzogu guk eta gainera lehiaketa polita eta dibertigarria izango dela aurreikusten dugu. Beraz, parte hartzera deitzen dizuegu santutxutar edo ez-santutxutar guztioi.

Lehiaketaren oinarriak hurrengoak lirateke:
  • Ipuina euskeraz idatzia behar du izan.
  • Izenburua izan beharko du.
  • Gehienez bi orrialdekoa izango da.
  • Aurkezteko epea uztailaren 13an amaituko da, hau da, jaiak hasi aurretiko ostiralean.
  • E-posta bitartez (santutxukoga@gmail.com) edota gaztetxeko buzoian sartuta aurkeztu ahal izango dira.
  • Bi sari emango ditugu; bata originalenari eta bestea erotikoenari.
  • Saridunak uztailaren 15ean aurkeztuko ditugu, jaietako lehen igandean, gaztetxean, irakurketarekin batera.
Besterik gabe, parte hartzaile guztioi zorte on eta erabili burua, erabili irudimena!


Santutxuko Gazte Asanblada

2012/06/12

Lan egun orokorra Gaztetxean


Etzi, eguaztena, ekainaren 3a, egun garrantzitsua izango da Santutxuko Gaztetxearentzako. Lan egun orokorra antolatu dugu funtsezko iruditzen zaizkigun gai batzuk amaitzeko helburuarekin. Behingoz gaztetxearen ateak zabaltzeko barra eta komuna jartzea ezinbesteko ikusten dugu eta beraz, gaztetxeko hormak apaintzeaz gain, horiek izango dira gure eguazteneko lanak. Goizez 11:00etan hasiko gara lanean eta arratsaldez 17:00etan. Guztiontzako lana egongo da, eta beraz, guztion laguntza eskertzekoa izango da. 

Gainera, ez dugunez gaztetxearen izenaren erabakia gehiago atzeratu nahi, 20:00etan hasiko dugun poteoan zazpi aste hauetan zehar proposatu dituzuen izenen irakurketa egingo dugu eta guztion artean behin betiko izena erabakiko dugu.

Beraz, parte hartu eguazteneko lan egunean eta lagundu amestutako proiektu hau aurrera eramaten. Guztion artean lortuko dugulako...

Pentsatuz apurtu, ekinez eraiki!

Santutxuko Gazte Asanblada

2012/06/05

Santutxuko gazteen auzo-batzarra

Auzoko gazte independentistek auzo batzar irekia egingo dute bihar, ekainak 6, asteazkena. Bertan, azken hilabeteetako ibilbidea eta hemendik aurrerako pausuak azaldu eta aztertu egin dira.

Auzo batzarra bereziki garrantzitsua hau San Fratziskito elizan egingo da, arrastiko 19.00tan. Garrantzi hori dela eta, hain zuzen, auzoko gazte independentista guztioi deia luzatzen diete bertaratzeko.


2012/06/04

Santutxuko Gaztetxeak aurrera darrai!

Sei aste baino gehiago pasa dira jada Iturriaga kaleko 14. zenbakian dagoen lokala okupatu genuenetik, buru-belarri lanean ibili garen berrogeita bost egun, ilusioa eta gazte borondatea bitarteko erabilita gure ametsa egi bihurtzeko 1080 ordu.

Oztopoak oztopo eta etsaiak etsai, gaztetxeak aurrera darrai auzo oso baten gazte indarrari esker. Topatu genuen zabortegiarekin alderatuz egun lortu dugun lokalak “suite” bat ematen du, gaztetxeko lanek ere darraiten arren. Behin zutabeen egokitze lanak bukatuta, barraren eraikitzearekin jarraitu genuen. Lan hau bukatuta ere, argindarra lortu genuen eta gaztetxe osoan zehar zabaldu genuen bai argiak eta baita entxufeak ere finkatzeko. Lanean genbiltzan bitartean musika entzuteko aukera eman zigun honek, oso kontu lagungarria dudarik gabe. Lan eraginkor hau batzuek egiten zuten bitartean, beste batzuek margoketa lanei ekin zieten, gaztetxeari beste itsura guztiz erakargarriago bat emanez. Erabili genituen koloreak? Gerturatu eta zuek ikusi!

Gorago esan dugun bezala, gaztetxean lanek oraindik diraute, eta beraz lan egunek ere. Astean zehar arratsaldeko bostetatik aurrera ikus dezakegu elkar eta zapatuetan zita goizez eta arratsaldez dugu, goizeko hamarretan eta arratsaldeko bostetan. Domeketan ez dugu lan egunik, hauek euki beharrean asteko asanblada ospatzen dugu arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi genizkizueke proiektu honetan parte hartzen ari zareten guztioi, eta oraindik gaztetxera gerturatzen ez zaretenei parte hartzeko deia helarazi nahi genizueke, guztion artean garatutako proiektua askoz anitz eta aberasgarriagoa izango baita.

OKUPAZIOA AURRERA!

A! Eta ahaztu baino lehen, zorionak aurreko astean okupatu zenuten Galdako eta Uribarriri! Ortuondo eta Patakon aurrera!

PENTSATUZ APURTU, EKINEZ ERAIKI!

Santutxuko Gazte Asanblada

2012/05/03

Gaztetxean gorabeherak


Ez dira lasaiak izaten ari azken egunak Santutxuko gaztetxean. Atean jasan genituen erasoen ostean, berriz ere izan dugu gure lagun maiteen bisita. Asteazkeneko arratsaldeko zazpiak inguru zirela eta gazte asanbladako kide batzuk gaztetxerantz gindoazela, udaltzaingoen kotxe bat ikusi genuen inguruko autobus geltoki batean geldirik. Apur bat gehiago gerturatu ginen eta udaltzaingoak gaztetxearen atean zeudela ikusi genuen. Hau ikusita barruan zeudenei abisua emateko erabakia hartu genuen telefonoz deituz. Alferrik izan zen baina, barruan zegoen norbaitekin eman baino lehen gaztetxean lanean zebilen gazte batek gaztetxetik alde egiteko atea ireki baitzuen udaltzaingo bikotearekin topo eginez. Momentuan atea ixtea lortu zuen udaltzainak barrura sartzea oztopatuz baina identifikatu egin zuten. Gazteak azalpenak eskatu zizkien eta udaltzainek eraikin baimenaren bila zetozela esan zioten orduan. Honek banketxearen salaketarik ez dagoela pentsatzera eramaten gaitu, berri ona dudarik gabe. Jakin badakigu, baina, Bilboko udala “La Caixa”-rekin harremanetan jarri dela bere lokalaren egoeraren berri emateko. Guk, guzti honen gainetik, gurearekin jarraituko dugu eta astelehenetik ostiralera arratsaldeko bostetan eta larunbatetan goizez hamaiketan eta arratsaldez bostetan aurrera eramango diren lan egunetara hurbiltzeko deia zabaltzen dugu.

Santutxuko Gazte Asanblada

2012/05/02

Ostiralean, maiatzak 4, jai ikaragarria auzotik

Jai ikaragarria izango dugu ostiral hontan, maiatzak 4, auzotik Santutxuko Kuadrilek antolatuta. 20:30tan emango diogu hasiera jaiari Maskarradak girotutako auzotik zeharreko poteoarekin. 22:00tan auzoko Herriko Tabernara hurbilduko gara bertan jaia jarraitzeko Disko-Gau apartarekin. Bertan doinu ezberdinak entzuten ditugun bitartean kutre-tonbolaz eta edari bereziez gozatzeko aukera izango dugu jaia gaueko ordu txikiak arte luzatuz. Bertaratu eta gurekin gozatu!

Santutxuko Kuadrilak

2012/05/01

Gaztetxearen aurkako erasoak


Hori ezustekoa hartu dutena gaur lan egunera hurbildu diren gazteak! Zerradura izorratuta... Hala da, pasta antzekoren bat sartu izan du norbaitek zerraduran, sartzea ezinezko bilakatuz. Hau ez da izan, tamalez, lehenengo aldia. Izan ere, igandean bertan, gauza bera gertatu zen. Hara bertaratu gazte asanblada egiteko asmoz eta ezin sartu. Pertsonaren bat, beraz, gaztetxe berriaren kontra dabil.

Hauek ez dira izan aste honetan pairatu ditugun eraso bakarrak. Astelehenean, eta gaztetxearen barruan hamar bat lagun lanean zenbiltzatenean, gure udaltzaingo maiteak bertaratu ziren. Dozena erditik gora, behin eta berriz atea joka.

Jakin badakigu pertsona bakar bat izan daitekeela etengabean gure kontra dabilena. Eta esan beharra ez dugula inolaz ere horrelako jarrerarik onartuko.

Lehenengo momentutik bertatik inguruko bizilagunei harremanetan jartzeko bideak eskaini diegu, inongo arazorik izatekotan gurekin harremanetan jartzeko, eta zenbaitek hala egin dute. Horretaz aparte lan-egunak goiz bukatzen ditugu, goiko bizilagunak ez molestatzeko.

Ez dira errazak izaten ari proiektu honen lehen pausuak. Dena den, eraso hauen aurrean okupazioarekin abiarazi genuen proiektu berriaren alde indar gehiagoaz lan egingo dugula azpimarratu nahi dugu. Eta, nola ez, Santutxuko gazte guztioi bihar eta hurrengo egunetan egongo diren lan egunetan parte hartzeko deia luzatu!