Goiz hasi zen eguna aurreko larunbatean Santutxun. Euskararen astearen baitan Santutxuko Kuadrilen Batzordeak Kuadrilen Eguna antolatu zuten egun honetarako eta eguraldia lagun, batzuetan ematen bazuen ere ez baitzuen euririk egin egun osoan, giro bikaina nagusitu zen Arsuaga plazan.
Pintxo txapelketarekin hasi zen zita. Beste urte batzuetako parte hartzea mantendu bazen ere, pintxo gutxiago ikusi genituen kuadrila bakoitzak pintxo bakarra aurkeztea arautu baitzen. Hala ere, maila handiko mokaduak dastatzeko aukera izan zuten epaimahaiko kideek. Sari banaketa umoretsua ere izan genuen bi umetxoren eskutik.
Behin txapeldunak jakitera emanda (2012an bezala Papargorriak izan ziren aurten ere txapeldun) bazkaltzeari ekin genion. Epaimahaiaren dastaketatik bizirik irten ziren pintxoez gain patata tortilak, txorizoak, odolosteak... izan genituen. Bapo-bapo jarri ginen!
Bazkalostean, oso dibertigarria izan zen bakarrizketa izan genuen ikus-entzungai. Guztiok mantendu gintuen adi adi eta irrifartsu jesarririk. Bakarrizketa amaitu eta txapeltetekin hasi ginen. Mus, dardo eta ping-pong aldi berean.
Orduak azkar pasatu zitzaizkigun jolasean eta konturatu gabe zortziak ziren ia. Guztia batu genuen orduan eta jarraian elektrotxaranga batek auzoan zehar jotzea aurreikusita bazegoen ere, azken orduko arazoengatik ez zen posible izan. Horren ordez kuadrilen arteko lehia batzuk antolatu ziren; kaxa batean kuadrilen izenak eta beste baten lehia desberdinak sartu, eta bi izen eta froga bat aterata, bazegoen norgehiagoka prest. Jolasean ibili ginen beste ordu batez, gutxienez, eta poteo batekin eman genion amaiera egunari. Ez baina ohera joateko; guztiok joan baitginen Desutuko jaietara.
Beste urte batez egun itzela pasatu genuen auzoan eta hona hemen horren froga diren aurpegi irrifartsu pila:
SANTUTXUKO KUADRILAK
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina