2012/06/26

Udako Eguzki jaia: kronika


Pasadan larunbatean, ekainak 23, Udako Eguzki Jaia ospatu zuten Santutxuko kuadrilek. Egunari hasiera emateko, bazkaria egin zuten karmelo plazan, edabe magikoaz lagundurik. Bazkalostean, ipuin erotikoen kontaketa izan zuten, eta ostean poteoa auzoko kaleetan zehar, trikitixaren eta panderoaren soinuak alaiturik. Egunari amaiera emateko euskal mitologiako Gaueko Izakiak Karmelo Plazaz jabetu eta akelarrea burutu zuten; urteko gaurik laburrena izanik, ordutik aurrera egunak laburtu eta gaua luzaten hasten dela ospatuz

Hontaz gain, Santutxuko Jai Batzordeak txokolatada herrikoia egin zuen, eta Gaztedi Dantza Taldeak erromeria.







Ekainak 27 lanera gaztetxera


Birmoldaketa lan ugariren ostean apirilaren 21ean Iturriaga kaleko 14. zenbakian dagoen lokala okupatzean aurkitu genuenaren itxura guztiz aldatu dugu. Esfortzu fisiko eta ekonomiko itzela izan da amets hau aurrera eramateko behar izan duguna baina azkenik lan ordu luzeek emaitza eman dute. Izan ere oso gutxi falta zaigu gaztetxea auzoari zabaltzeko. 

Horregaitik eguazten honetan ireki aurretik azken lan egun orokorra izan daitekeena eramango dugu aurrera. Hormak margotuta dauden arren proiektoreaz baliatuz apainketa egoki bat emango diegu eta horretarako zenbat eta jende gehiago batu orduan eta azkarrago egingo dugu. Lan eguna, azkenaldian bezala, goizeko 11tan hasiko da eta bazkalostean 5etan jarraituko du.

Falta den beste kontu bat gaztetxearen izenaren erabakiarena da. Jakingo duzuenez igandero batzen gara gazte asanblada aurrera eramateko eta azkenik, atzeratze askoren ostean, igande honetan irakurriko ditugu izen proposamen guztiak eta botaketaz izena erabakiko dugu.

Gonbidatuak zaudete, beraz, bai asteazkeneko lan egunera, bai igandeko asanbladara, baita hemendik aurrera ospatuko ditugun asanbladetara ere.

Pentsatuz apurtu, ekinez eraiki!

Santutxuko Gazte Asanblada

2012/06/21

GAZTE-AFARIA

  Ostiral honetan, hilak 22, auzoko gazteok poteo eta afari bat prestatu dugu, agur esateko hainbeste urteren buruan. 10 urteko bide luze latz eta gozoaren ostean gazte antolakundeak desegiteko erabakia hartu du. Erabaki hau azken hiru urteetan zehar emandako eztabaida sakonaren emaitza izan da. 
Urte askotako lan oparoari agur esateko arratsalde eta gau ederra prestatu dugu, poteoarekin hasiko da 20.30tan, afari batekin jarraitu eta bakoitzak aukeratu noiz bukatuko.
Eta... hurrengo egunetik aurrera, gazte independentistak lanera, borroka ez baita bukatu!! 

2012/06/18

UDAKO EGUZKI JAIA 2012

Datorren zapatuan, ekainak 23, urtero legez, San Juan bezperako jaialdia ospatuko da Euskal Herriko txoko guztietan eta nola ez, gure auzo maitean ere bai. Aurten ekainaren 23a zapatua denez gero egun osorako egitaraua prestatu dugu Santutxuko Kuedrilen Batzordetik. 


Zita eguerdiko ordu bi t'erdietan hasiko da Karmelo plazan antolatu dugun bazkari herrikoi batekin. Bazkalostean, lauretan, ipuin kontalariak izango ditugu bertan eta hauek amaitutakoan mozorrotzera joango gara guztiok; egunerako mozorro aproposekin, noski. Arratsaldeko seietan poteo musikatu bat hasiko dugu auzotik eta zazpietan txokolatada egongo da Karmelo plazan. Han, zortzi térdietan, Gaztedi dantza taldearen eskutik erromeria izango dugu, bederatzietan akelarrearekin jarraitzeko.

Egitarau oparoa prestatu dugu egunerako eta, beraz, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu guztioi.

Santutxuko Kuadrilak

Ipuin erotikoen lehiaketa


Auzoko jaietako Santutxuko Gazte Asanbladaren egitarauaren barnean ipuin erotikoen lehiaketa prestatu dugu aurten. Sexu askapenaren aldeko ekimena dela deritzogu guk eta gainera lehiaketa polita eta dibertigarria izango dela aurreikusten dugu. Beraz, parte hartzera deitzen dizuegu santutxutar edo ez-santutxutar guztioi.

Lehiaketaren oinarriak hurrengoak lirateke:
  • Ipuina euskeraz idatzia behar du izan.
  • Izenburua izan beharko du.
  • Gehienez bi orrialdekoa izango da.
  • Aurkezteko epea uztailaren 13an amaituko da, hau da, jaiak hasi aurretiko ostiralean.
  • E-posta bitartez (santutxukoga@gmail.com) edota gaztetxeko buzoian sartuta aurkeztu ahal izango dira.
  • Bi sari emango ditugu; bata originalenari eta bestea erotikoenari.
  • Saridunak uztailaren 15ean aurkeztuko ditugu, jaietako lehen igandean, gaztetxean, irakurketarekin batera.
Besterik gabe, parte hartzaile guztioi zorte on eta erabili burua, erabili irudimena!


Santutxuko Gazte Asanblada

2012/06/12

Lan egun orokorra Gaztetxean


Etzi, eguaztena, ekainaren 3a, egun garrantzitsua izango da Santutxuko Gaztetxearentzako. Lan egun orokorra antolatu dugu funtsezko iruditzen zaizkigun gai batzuk amaitzeko helburuarekin. Behingoz gaztetxearen ateak zabaltzeko barra eta komuna jartzea ezinbesteko ikusten dugu eta beraz, gaztetxeko hormak apaintzeaz gain, horiek izango dira gure eguazteneko lanak. Goizez 11:00etan hasiko gara lanean eta arratsaldez 17:00etan. Guztiontzako lana egongo da, eta beraz, guztion laguntza eskertzekoa izango da. 

Gainera, ez dugunez gaztetxearen izenaren erabakia gehiago atzeratu nahi, 20:00etan hasiko dugun poteoan zazpi aste hauetan zehar proposatu dituzuen izenen irakurketa egingo dugu eta guztion artean behin betiko izena erabakiko dugu.

Beraz, parte hartu eguazteneko lan egunean eta lagundu amestutako proiektu hau aurrera eramaten. Guztion artean lortuko dugulako...

Pentsatuz apurtu, ekinez eraiki!

Santutxuko Gazte Asanblada

2012/06/05

Santutxuko gazteen auzo-batzarra

Auzoko gazte independentistek auzo batzar irekia egingo dute bihar, ekainak 6, asteazkena. Bertan, azken hilabeteetako ibilbidea eta hemendik aurrerako pausuak azaldu eta aztertu egin dira.

Auzo batzarra bereziki garrantzitsua hau San Fratziskito elizan egingo da, arrastiko 19.00tan. Garrantzi hori dela eta, hain zuzen, auzoko gazte independentista guztioi deia luzatzen diete bertaratzeko.


2012/06/04

Santutxuko Gaztetxeak aurrera darrai!

Sei aste baino gehiago pasa dira jada Iturriaga kaleko 14. zenbakian dagoen lokala okupatu genuenetik, buru-belarri lanean ibili garen berrogeita bost egun, ilusioa eta gazte borondatea bitarteko erabilita gure ametsa egi bihurtzeko 1080 ordu.

Oztopoak oztopo eta etsaiak etsai, gaztetxeak aurrera darrai auzo oso baten gazte indarrari esker. Topatu genuen zabortegiarekin alderatuz egun lortu dugun lokalak “suite” bat ematen du, gaztetxeko lanek ere darraiten arren. Behin zutabeen egokitze lanak bukatuta, barraren eraikitzearekin jarraitu genuen. Lan hau bukatuta ere, argindarra lortu genuen eta gaztetxe osoan zehar zabaldu genuen bai argiak eta baita entxufeak ere finkatzeko. Lanean genbiltzan bitartean musika entzuteko aukera eman zigun honek, oso kontu lagungarria dudarik gabe. Lan eraginkor hau batzuek egiten zuten bitartean, beste batzuek margoketa lanei ekin zieten, gaztetxeari beste itsura guztiz erakargarriago bat emanez. Erabili genituen koloreak? Gerturatu eta zuek ikusi!

Gorago esan dugun bezala, gaztetxean lanek oraindik diraute, eta beraz lan egunek ere. Astean zehar arratsaldeko bostetatik aurrera ikus dezakegu elkar eta zapatuetan zita goizez eta arratsaldez dugu, goizeko hamarretan eta arratsaldeko bostetan. Domeketan ez dugu lan egunik, hauek euki beharrean asteko asanblada ospatzen dugu arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi genizkizueke proiektu honetan parte hartzen ari zareten guztioi, eta oraindik gaztetxera gerturatzen ez zaretenei parte hartzeko deia helarazi nahi genizueke, guztion artean garatutako proiektua askoz anitz eta aberasgarriagoa izango baita.

OKUPAZIOA AURRERA!

A! Eta ahaztu baino lehen, zorionak aurreko astean okupatu zenuten Galdako eta Uribarriri! Ortuondo eta Patakon aurrera!

PENTSATUZ APURTU, EKINEZ ERAIKI!

Santutxuko Gazte Asanblada