Joan den asteartean beste eraso sexista bat gertatu zen Santutxun. Kaletik zihoala, gizon batek, emakume gazte bat hormaren kontra jarri eta ukituak egin zizkion. Arratsalde berean, Ametzolan, gizon baten emaztea jipoitu egin zuen.
Bi emakumeek ihes egitea lortu bazuten ere, Santutxutik behin eta berriz errepikatzen den egoera hau salatu nahi genuke indartsu, eta bide batez emekumeei, gure animo eta besarkada estu eta feminista bat helarazi nahiko genieke.
Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik, eguneroko errealitate dira emakumeok kolpatzen, iraintzen, gutxiesten, mehatxatzen gaituzten egoerak eta erasotzaileak. Aski nekatuak gaude emakumeon kontrako indarkeriaren datuak kaleratzeaz, egoeraren larritasunaz ohartarazteaz eta instituzioen hutsuneak ikustarazteaz.
Nazkatuta gaude, kalean askatasunez ibiltzeko aukera mugatzen zaigulako egunero, kale ilun, gune publiko ez egoki eta txikitatik jaso dugun motxila ikaratiak gure gorputzak kuzkurtzen dituelako askotan. Baina, KALEA ERE GEUREA DA! Etxean, kalean, harremanetan ematen diren indarkeria kasuak arazo sozial larriak direnez, errealitate hori jendarteratzea ezinbestekoa zaigu eta jendarteak orohar ardura politikoz jokatzea beharrezkoa da.
Kalea ere geurea da, eta bertara atera eta gertatzen dena publikoki salatu behar dugu. Eguneroko erasoen aurrean irtenbideak sortuz, indarkeriari aurre eginez. Hala, indarkeria sexista egoera bakoitzean, aurrean izango gaituzte, elkartasun feminista eta erantzun bateratzaileak emanez!
Oraindik orain, emakume gazteongan dauden indarkeri egoera larriak eta gazteen artean ematen diren harreman ez osasuntsuen errealitateak, jendartearen egitura patriarkalak bizi bizirik daudela adierazten digu, eta hau aldatzea ezinbestekoa dugu. Beraz, goazen norbanakotik kolektibora, erasoetatik ofentsibara pasatzera! Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu, emakumeok gure buruarengan dugun konfiantza lantzea, erasoei aurre egiteko dugun gaitasun indibidual eta kolektiboetan sinestea, eta aurrera egitea; Ekin autodefentsari!
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!!!