Ez dira lasaiak izaten ari azken egunak Santutxuko gaztetxean. Atean jasan
genituen erasoen ostean, berriz ere izan dugu gure lagun maiteen bisita.
Asteazkeneko arratsaldeko zazpiak inguru zirela eta gazte asanbladako kide
batzuk gaztetxerantz gindoazela, udaltzaingoen kotxe bat ikusi genuen inguruko
autobus geltoki batean geldirik. Apur bat gehiago gerturatu ginen eta
udaltzaingoak gaztetxearen atean zeudela ikusi genuen. Hau ikusita barruan
zeudenei abisua emateko erabakia hartu genuen telefonoz deituz. Alferrik izan zen
baina, barruan zegoen norbaitekin eman baino lehen gaztetxean lanean zebilen
gazte batek gaztetxetik alde egiteko atea ireki baitzuen udaltzaingo
bikotearekin topo eginez. Momentuan atea ixtea lortu zuen udaltzainak barrura
sartzea oztopatuz baina identifikatu egin zuten. Gazteak azalpenak eskatu zizkien
eta udaltzainek eraikin baimenaren bila zetozela esan zioten orduan. Honek
banketxearen salaketarik ez dagoela pentsatzera eramaten gaitu, berri ona
dudarik gabe. Jakin badakigu, baina, Bilboko udala “La Caixa”-rekin
harremanetan jarri dela bere lokalaren egoeraren berri emateko. Guk, guzti
honen gainetik, gurearekin jarraituko dugu eta astelehenetik ostiralera
arratsaldeko bostetan eta larunbatetan goizez hamaiketan eta arratsaldez
bostetan aurrera eramango diren lan egunetara hurbiltzeko deia zabaltzen dugu.
Santutxuko Gazte Asanblada