2013/04/26

Bertso-askaria eta Koktel Gaua


Datorren barikurako, maiatzak 3, beste jai bat antolatu du Santutxuko Kuadrilen Batzordeak. Zortzietan bertso-askari-afaria izango dugu Arsuaga plazan Jone Uria eta Imanol Uria bertsolarien eskutik. Janaren gastuak estaltzeko pertsonako 5€ eskatuko zaizkie bertaratutakoei. 
Ostean, hamar t'erdietan hasita eta auzoan lehen aldiz, Koktel Gaua izango dugu. Taberna ugarik hartuko dute parte lehen edizio honetan koktel ezberdinak prestatuz. Ibilbidean zehar geraldi ezberdinak egingo dira eta koktelak dastatuz joango gara. Koktelera bakoitzetik berau probatzeko txupito nahikotxo urtengo litzateke eta, osagaien arabera, 4 - 6 €-ko prezio izango dute. Koktel bakoitzari nota bat jarriko dio kuadrila bakoitzak eta ordu bat t'erdietan Arsuaga plazan errekontua egingo dugu taberna irabazlea jakitera emanez. 
Parte hartzera eta gurekin ondo pasatzera animatzen zaituztegu!

2013/04/12

Drogen inguruko eztabaida!!!



Iristear da drogei buruz gazte asanbladak antolatutako eztabaida!!

Gozatzeko tresna? kontrol sozialerako tresna? Askatasunerako tresna? Askatasuna eragozteko tresna? Nola definituko zenituzke zuk drogak? Gazteon eguneroko errealitate den fenomeno honen inguruan hausnartuko dugu guztion artean, prestatutako baliabideak baliatuz.

Gai interesgarria benetan… hori dela eta, Gazte Asanbladak etortzeko gonbidapena luzatzen dizue Santutxuko gazte guztioi!

Larunbatean, arratsaldeko 17.00tan Santutxuko AEKn, Padre Pernet kalean


2013/04/09

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

Joan den asteartean beste eraso sexista bat gertatu zen Santutxun. Kaletik zihoala, gizon batek, emakume gazte bat hormaren kontra jarri eta ukituak egin zizkion. Arratsalde berean, Ametzolan, gizon baten emaztea jipoitu egin zuen. 


Bi emakumeek ihes egitea lortu bazuten ere, Santutxutik behin eta berriz errepikatzen den egoera hau salatu nahi genuke indartsu, eta bide batez emekumeei,  gure animo eta besarkada estu eta feminista bat helarazi nahiko genieke.



Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik, eguneroko errealitate dira emakumeok kolpatzen, iraintzen, gutxiesten, mehatxatzen gaituzten egoerak eta erasotzaileak. Aski nekatuak gaude emakumeon kontrako indarkeriaren datuak kaleratzeaz, egoeraren larritasunaz ohartarazteaz eta instituzioen hutsuneak ikustarazteaz.

Nazkatuta gaude, kalean askatasunez ibiltzeko aukera mugatzen zaigulako egunero, kale ilun, gune publiko ez egoki eta txikitatik jaso dugun motxila ikaratiak gure gorputzak kuzkurtzen dituelako askotan. Baina, KALEA ERE GEUREA DA! Etxean, kalean, harremanetan ematen diren indarkeria kasuak arazo sozial larriak direnez, errealitate hori jendarteratzea ezinbestekoa zaigu eta jendarteak orohar ardura politikoz jokatzea beharrezkoa da.


Kalea ere geurea da, eta bertara atera eta gertatzen dena publikoki salatu behar dugu. Eguneroko erasoen aurrean irtenbideak sortuz, indarkeriari aurre eginez. Hala, indarkeria sexista egoera bakoitzean, aurrean izango gaituzte, elkartasun feminista eta erantzun bateratzaileak emanez!



Oraindik orain,  emakume gazteongan dauden indarkeri egoera larriak eta gazteen artean ematen diren harreman ez osasuntsuen errealitateak, jendartearen egitura patriarkalak bizi bizirik daudela adierazten digu, eta hau aldatzea ezinbestekoa dugu.  Beraz, goazen norbanakotik kolektibora, erasoetatik ofentsibara pasatzera! Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu, emakumeok gure buruarengan dugun konfiantza lantzea, erasoei aurre egiteko dugun gaitasun indibidual eta kolektiboetan sinestea, eta aurrera egitea; Ekin autodefentsari!



ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!!!







2013/03/21

FLOW & JAIA


Baduzu apirilaren 12ko ostiralerako plana, Santutxuko Kuadrilek antolatuta... FLOW & JAIA! Aurretik ere zuen kuadrilekin bideoklip bat grabatzera animatzen zintuztegun eta honetan ere gauza bera azpimarratuko dugu, ostiral horretarako egon behar baitira prest. 20:30tan aurkeztutako bideoklip guztien emanaldia izango dugu Arsuaga plazan. Ondoren Fabe de Fuka taldea izango dugu auzoan zehar, honek dakartzan barre eta jokuekin. 21:30ak aldera emango zaio hasiera honi. Azkenik, gaua modu egoki eta alaian bukatzeko karaokea antolatu dugu Arsuaga plazan. Jaia norberak nahi arte luzatuko du, eta horrelako jaialdietan beti gertatzen den bezala, nahiz eta lagunak etxera joan ez dituzue juerga-kideak faltan izango.
Animatu zaitezte eta etorri ongi pasatzera!

SANTUTXUKO KUADRILAK

Santutxuko 2013ko Kuadrilen Eguneko kronika

Goiz hasi zen eguna aurreko larunbatean Santutxun. Euskararen astearen baitan Santutxuko Kuadrilen Batzordeak Kuadrilen Eguna antolatu zuten egun honetarako eta eguraldia lagun, batzuetan ematen bazuen ere ez baitzuen euririk egin egun osoan, giro bikaina nagusitu zen Arsuaga plazan. 

Pintxo txapelketarekin hasi zen zita. Beste urte batzuetako parte hartzea mantendu bazen ere, pintxo gutxiago ikusi genituen kuadrila bakoitzak pintxo bakarra aurkeztea arautu baitzen. Hala ere, maila handiko mokaduak dastatzeko aukera izan zuten epaimahaiko kideek. Sari banaketa umoretsua ere izan genuen bi umetxoren eskutik.


Behin txapeldunak jakitera emanda (2012an bezala Papargorriak izan ziren aurten ere txapeldun) bazkaltzeari ekin genion. Epaimahaiaren dastaketatik bizirik irten ziren pintxoez gain patata tortilak, txorizoak, odolosteak... izan genituen. Bapo-bapo jarri ginen!


Bazkalostean, oso dibertigarria izan zen bakarrizketa izan genuen ikus-entzungai. Guztiok mantendu gintuen adi adi eta irrifartsu jesarririk. Bakarrizketa amaitu eta txapeltetekin hasi ginen. Mus, dardo eta ping-pong aldi berean. 




Orduak azkar pasatu zitzaizkigun jolasean eta konturatu gabe zortziak ziren ia. Guztia batu genuen orduan eta jarraian elektrotxaranga batek auzoan zehar jotzea aurreikusita bazegoen ere, azken orduko arazoengatik ez zen posible izan. Horren ordez kuadrilen arteko lehia batzuk antolatu ziren; kaxa batean kuadrilen izenak eta beste baten lehia desberdinak sartu, eta bi izen eta froga bat aterata, bazegoen norgehiagoka prest. Jolasean ibili ginen beste ordu batez, gutxienez, eta poteo batekin eman genion amaiera egunari. Ez baina ohera joateko; guztiok joan baitginen Desutuko jaietara.

Beste urte batez egun itzela pasatu genuen auzoan eta hona hemen horren froga diren aurpegi irrifartsu pila:


SANTUTXUKO KUADRILAK

2013/03/05

Domekan mendi irteera Kolitzara

Santutxuko Gazte Asanbladaren urteko plangintzaren barnean mendi irteerek garrantzia hartzea erabaki zen. Gauzak horrela, kurtsoko lehen martxa antolatu dute Balmaseda inguruan kokatuta dagoen Kolitza mendira. Ekintza osasuntsu bat egiteaz gain paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu domeka honetan, Martxoak 10.
Karmelo plazan geratu da goizeko 8:30tan, jarraian Balmasedara eroango gaituen tren geltokira denok batera joateko. Beraz, ez ahaztu trena ordaintzeko dirua; eta gainera ogitartekoa eramatea ere gomendatzen dute goizerdian tripak orroka hasiko baitira.
Ibilbide polit bat izanda partehartzea espero dute eta giro alaia nagusituko delaz ziur daude.